• Mybilbaobizkaia
  • Urdaibai

Urdaibai, Paisaia Kulturala

Kortezubiko udalerrian, Bizkaiaren erdi-erdian eta Ereñozar mendiaren magalean, daude Basondo eta Oma ibarrak, Urdaibain hobeto gorde diren altxorrak biak. Izan ere, UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatu zuen Urdaibai, 1984. urtean.

Eremu honetan babes bereziko guneak itsasadarra, itsasertza, artadi kantauriarrak eta interes arkeologikoko gunea dira.Oka ibaiaren bokaleak padura bat osatzen du, hegaztiek Afrikara egiten duten migrazio horretan atseden hartzeko eta elikatzeko erabiltzen dutena. Gainera, paraje zoragarri hauetan ibiltzen diren animalien artean nabarmentzekoak dira orkatza, katajineta, basakatua, ipurtatsa, erbinudea edo azeria.

URDAIBAI

23.000 hektareako azalera bat du, eta horren barruan Bizkaiko 22 herri ditugu. Herri horietatik, Bermeok eta Gernikak dute biztanle-portzentajerik handiena. Erreserba hau kosta-lerroak mugatzen du iparraldetik eta Matxitxako lurmuturrak mendebaldetik; lurmutur hori euskal kostaldeko elementu geografiko nagusia da eta estuarioaren sarrera babesten du. Hegoaldeko muga Bizkargi eta Oiz mendien artean dago eta ekialdeko muga, berriz, Donesolo eta Kanpona mendien artean. Bertako basoan harribitxi natural handiak ezkutatzen dira, eta gizakiaren ekintzen ondorioz handitu egin dute beren balioa.

 

Hor ditugu, esaterako, Santimamiñeko Leizeak, Goi Paleolitikoan egindako eta 15.000 urte baino gehiagoko labar-pinturak aurkitu dituzten tokia, eta bestetik, Omako Basoa, gizakiaren eta lurraren arteko harremana islatzen duen artelana, Agustín Ibarrola eskultore eta pintore bizkaitarrak egina. Kolorez betetako ibilbide magiko bat da, eta natura mihise bihurtzen zaigu artistaren eskuetan. Gainera, kirol-jardueretarako balio handiko eremu bat da. Baina ez bakarrik lehorreko kiroletarako, hala nola mendizaletasuna edo eskalada, baizik eta, bereziki, uretako kiroletarako, hala nola piraguismoa, kanoa-zeharkaldiak edo surfa.

 

Hain zuzen ere, Mundakak bere kategoriako Ezker Olaturik onena du Europa osoan; 4 metroko altuera eta 400 metroko luzera izatera irits daiteke eta munduko surflaririk onenak etorri dira ezagutzera. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban zentro bat dugu, eta horren helburu nagusia da biodibertsitatea sustatzea, horren onurak ezagutzera ematea eta espezieen desagerpenak dituen ondorio kaltegarriez kontzientziaraztea. Helburu horrekin sortu zen Euskadiko Biodibertsitatearen Zentro hau, Busturia herriko Madariaga Dorrean kokatua eta proiektu hori ekiteko bereziki eraberritua.

 

Bertako erakusketen bitartez, bisitariek errazago ulertuko dute zer den Biodibertsitatea, zein diren bere eginkizunak eta zer garrantzi duen inguruko garapen ekonomikorako eta sozialerako.Gainera, paduran barrena egiteko ibilaldi gidatuak erreserbatu daitezke aurrez, erreserbaren altxorrak hurbil-hurbiletik ezagutu ahal izateko. Hondartzak, basoak, padurak, ibaiak edo ibarrak. Kolore biziak eta ondare ekologiko eta natural itzelak biltzen dituen ibilbidea. Benetako altxorra gure esku.

  • Mybilbaobizkaia
  • Urdaibai