San Anton Eliza

San Anton eliza izen bera duen zubiarekin hertsiki lotua dago, eta Bilboko itsasadarraren gaineko irudia hiriaren argazkirik ezagunenetako bat da. Zubi hau bi ertzak lotu zituen lehenengoa izan zen, eta elizarekin batera, Done Jakue bidearen barruan bisitatu beharreko guneetako bat da.

Eliza estilo gotikoan egina dago, eta hiriko zaharrena ez bada ere, estimatuenetako bat da, Bilboko armarrian agertzeraino. 1984. urtean Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten, eta Alfontso XI.ak 1334. urtean eraikiarazi zuen harresiaren aztarnak gorde dira bere oinetan oraindik ere.


Itsasadarraren ertzean eta Erriberako Azokatik oso hurbil, Bilboko portua arrotzen erasoetatik eta uholdeetatik babesten zuen gotorlekua aurkitzen zen tokian eraikia dago. 1433. urtean sagaratu zuten eliza eta, gero, handitu egin zuten, txikia geratu zelako. 1548. urtean portale errenazentista bat eraiki zuten koloma korintiarrekin eta mezu ikonografikoez betetako eskulturekin. Eta geroago, plazara begira dagoen balkoi bat gehitu zioten. XVII. mendean egungo kanpandorrea eraiki zuten, edertasun handiko pieza barroko bat, eta Gerónimo de Argosek zizelkatutako giraldatxo bat du gainaldean, koroapen gisa.


Bisitan hiru nabe mailakatu ikus ditzakegu, bost tartetan banatuak, gurutze-gangaz estaliak. Eliza argiztatzen duten leihoen azpian galeria ireki bat dago. Bitxia bada ere, elizak ez du absiderik, eta bere hegoaldea alakatua dago itsasadarreko urak pasatzen uzteko.


Elizak estilo gotiko-errenazentistan egindako hiru kapera ditu. Horietako bi elkarrekin komunikatuak daude. Zorigaiztoko patuaren ondorioz bertako aberastasunen parte bat galdu duen arren, oraindik ere interes handiko pieza batzuk gorde ditu, hala nola San Antonio gotiko bat, Guiot de Beaugranten Pietatearen erretaula platereskoa eta estilo rococoan egindako Paduako San Antonio bat, ziurrenik Juan Pascual de Menak egina.


Erretaula nagusia Iñaki García Ergüin pintorearen lana da eta espresio hispaniar-flandestarra duen kristo gurutziltzatu bat ageri da gainaldean. Gainera, San Petri eta San Paulo apostoluen bi eskultura ikus daitezke, baita jada desagertuta dagoen erretaula bateko parte ziren bi erliebe ere.


XVI. mendean eraikitako Koruan Cavaille-Collek 1901ean egindako organo bat dago. Antonio de Alloitiz eskultorea dugu koru horren azpian dautzan San Damian eta San Kosmeren bi irudien egilea, 1664.

urtean zizelkatuak. Bisitariak Bilboko sinbolo eder hau astelehenetik ostiralera ikus dezake 18:30etik 20:30era.


Urtarrilaren 17an, animalia ugari etorri ohi dira, beren jabeek lagunduta, San Anton elizara bedeinkatuak izatera.


Eliza zoragarri hau eta bere lagun leiala, hots, San Anton Zubia, hiria bera baino zaharragoa, harro altxatzen dira itsasadarraren ondoan, uretan beren isla lasaia kulunkaraziz.