• Mybilbaobizkaia
  • Mundaka

Mundakako ezker olatua

Mundakako herri marinel ederra, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan kokatua, arrazoi askorengatik nabarmentzen da.

Bertako Andre Mariaren eliza errenazentistagatik, bertako herrigune historiko ikusgarriagatik edo bere ikuspegi ezin ederragoengatik. Baina kostaldeko herri hau famatu bilakatu duen ezer bada, hori bere Ezker Olatua da. Olatuaren famak kolore biziz zipriztintzen ditu bertako urak, eta mundu osotik etorri ohi dira surflariak bertako olatuaz gozatzera, esan ohi dutenez Europako olaturik onena baita bere kategorian.


Mundakako barran hasten du ibilbidea eta Laidako hondartzan amaitzen du, eta hego edo hego-mendebaldeko haizeek bultzatuta, 4 metroko altuera eta 400 metroko luzera neurtzera irits daiteke. Adituek, batez ere, olatuak egin ohi dituen hodiak goraipatzen dituzte, UNESCOk babestutako Urdaibaiko Itsasadarraren bokalean eratzen den hareazko hondoaren gainean apurtzen direla.

 

Izaro y Santa Catalina

 

Hori dela eta, nazioarte mailako lehiaketak egiten dira urtero Mundakan, eta bederatzi aldiz Munduko Zirkuituaren egoitza izatera iritsi da. Munduko surflaririk onenetako batzuk bertako uretan lehiatzen eta garaile irteten ikusi izan ditugu, hala nola, Adriano de Souza, mark Occhilupo, Bobby Martínez edo Kelly Slater.


Eta surflariek eta ikusleek halako ahaleginak egin ondoren, eguna biribiltzeko modu hoberik ez dugu topatuko portuko taberna horietan pintxo batzuk jatea edo inguruko jatetxeetan arrain fresko on batez gozatzea baino. Eta zergatik ez Portuondoko behatokira hurbildu, Mundakako itsasadarraren gaineko ikuspegirik onenetako batez gozatzera, edo Talaiako behatokira igo, itsasadarraren bokalean olatuak nola sortzen diren ikustera.


Zalantzarik gabe, Mundakako Ezker Olatua beste amu bat gehiago da Bizkaiko kostaldean topatzen dugun giro biziko txoko ikusgarri honetara hurbiltzeko.

 

 

  • Mybilbaobizkaia
  • Mundaka